LEHENTASUNAK

LEHENTASUNAK ELKARREKIN ERABAKITZEA: HELBURU ESTRATEGIKOA

Laudio Udalak beste mekanismo bat ezarri du auzokideek udal arloan zer-nolako lehentasunak dituzten jakiteko.

Orain arte, hausnarketa hori auzo-batzarretan bertan egiten zen, baina beharrizanak antzemateko lanarekin nahasita, askotan lausotu egiten zen eta argitasun falta igartzen zen.

2012ko azaroan burutu zen ekimenaren asmoa da auzokide guztiek tresna egonkorra eta argia izatea, lehen eskuko iritzia jakiteko. Horretarako, LEHENTASUNEN INKESTA eratu da. Prozesu zabala denez, aurrekontuen inguruko erabaki potoloak hartu behar direnean, aldian-aldian garatuko da, udazkeneko batzarren aurretik, eta Laudioko postontzi guztietara helduko da. Inkesta eta ZUIN berezi bat bidaliko dira, orain arte antzemandako beharrizan guztiei buruzko informazio zehatza barne (batez ere, auzo-batzarretan antzemandakoak, baina badira beste arlo batzuetakoak ere), beraz, laudioarrok erabaki ahal izango dugu zein gai iruditzen zaizkigun garrantzitsuenak eta horiexek lehenetsi. Prozesuari buruzko informazio guztia “zurelaudio” webgune honetan jasoko dugu (nola hartu parte, non bete inkestak, etab.), baita online inkesta ere, aukeran izan dezazun, paperean egiteari baino erosoago irizten badiozu.