HERRITARREK PARTE HARTZEKO TAILERREN AKTA ETA BIDEOA: ERREGELAMENDUA IDAZTEKO OINARRI BIKAINA

Hiru egunetan zehar, Osoko Bilkuren aretoa aldatu eta langela bihurtu da. Udalbatzaren mahaiaren osteko kokapena aldatu eta aretoan hainbat mahai jarri dira, bertaratutakoek bospasei laguneko taldeak egiteko. Osoko Bilkuretarako aretoarena baino Unibertsitatearen traza handiagoa hartuta, batez beste saio bakoitzeko 26 pertsonak udal areto nagusiaren formaltasuna auzo-partaidetzaren ideiez eta proposamenez borbor jarri dute.

Lehenik, bertaratutakoek gonbidatuen txostenak entzun dituzte, gero, galderen txandan eurekin eztabaidatu dute, eta, azkenik, lanean jarri dira, eztabaida aurrerakoien dinamika oinarritzat hartuta, non talde bakoitzak bere ideiak zehaztu behar zituen eta, ondoren, hurrengo taldeari igarotzen zizkion, hausnarketari jarraipena emateko.

Udal teknikariek, zinegotziek eta auzokoek, elkarteetakoek zein auzo-batzarretakoek, beren hausnarketak partaidetzan adituei adierazi dizkiete
Ondorioek balio izango dute parte hartzeko erregelamendua egiteko oinarria izateko, aurtengo urtarrilaren 30eko Osoko Bilkuran onartuta, eta udako oporraldiaren ostean bera eztabaidatzea aurreikusita.

Ostegunean izandako lehen saioan, Esteban Perezek (Laudion 1977an auzo-batzarrak sustatu zituzten ordezkarietako bat eta, gerora, Tubacex enpresako zuzendaria izanik, erretiratua orain) demokrazia zuzenaren defentsa sutsua egin zuen eta adierazi zuen une egokia izan zitekeela Laudion norabide horretan esperientzia aitzindaria garatzeko. Deia egin zuen legeek auzo-antolamenduan aurrera egiteko eskaintzen dituzten mugak lantzeko. Perezek adierazi zuen nolabaiteko artikulazio egonkorra bultzatzearen aldekoa zela, eta auzo-batzarrei autonomia ematearen aldekoa, eta Udalbatzakoekin bildu aurretiko eztabaidak izatearen aldekoa.

Beste alde batetik, Javier Argotek, Arabako Kontzeju Elkarteko presidenteak, azaldu zuen kontzejuen funtzionamendua eta adierazi zuen sinesten zuela hainbat arlotan erabakiak hartzeko duten gaitasuna -ia guztietan, zergetan eta hirigintza-plangintzan izan ezik- tresna baliagarria izan litekeela herritarrak herrikoa dena kudeatzera erakartzeko, baita toki handiagoetan ere. Javierrek zehaztasunez adierazi zuen zer diren eta zer ez diren kontzejuak, eta definizio bat azpimarratu zuen: toki erakundeak. Hau da, Udalaren parte dira, baina ez dira Udala, ezta auzoak ere, ezta auzokideen erkidegoak ere, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakunde txikiak baino, tokiko bizimoduko hainbat arlotan benetako eskumenak zituztenak.

Txostengile bien ondorio nagusia izan zen parte-hartzeak amaieran erabakia ekarri behar duela, jendeak bere ekarpena garrantzitsua dela eta kontuan hartu dela senti dezan.

Bigarren saioan, Alvaro Barrios laudioarrak bertaratutakoei bere enpresa online auzo-partaidetzarako garatzen ari den plataforma erakutsi zien eta beta bertsioaren frogantza egin zien, Omnia plataformarekin batera Laudiorako lantzen ari baita, eta auzokideek parte hartzeko udal gunearen oinarria izan bailiteke. Laudio osoa eta auzo guztiak hiru dimentsiotan islatzea izango litzateke parte-hartzea eraikitzeko oinarria, erraz ulertzeko moduko tresna izanik, baita eztabaidatu eta erabaki beharreko proiektuak eta proposamenetako kokapen fisikoak berehala irudikatzeko ere balio duen tresna izanik.

Nagore de Los Riosek, Eusko Jaurlaritzaren Irekia izeneko parte-hartze proiektuaren zuzendariak, nabarmendu zuen erabateko gardentasuna izan beharra, eta metaforikoki proposatu zuen politikariak “stripper” bihurtzea eta herritarrei, erabakien berri ez ezik, euren hausnarketen berri ere denbora errealean emateari beldurra gal diezaiotela Teknologia berriek orain arte ezezagunak ziren bideak zabaldu dizkiete, “entzumen aktiboa” errealitate bihurtzeko eta berehalako erantzuna emateko gai izan daitezen. Nagorek defendatu du etorkizunak bide hori egingo duela, eta erakundeek prest egon behar dutela eskaera handitzen denerako.

Saio horretan asko hitz egin zen aurrez aurreko parte-hartzea ez ahaztearen garrantziaz, hala ere, azkenean, bertaratutako gehienak liluratuta geratu ziren teknologiaren aukerengatik, parte-hartze proiektu handiago batean txertatzeagatik, eta diseinu erraz baten eta ulertzen erraza den eskema baten bitartez eskuragarriak izateko garrantziarengatik.

 

 

Azken saioan, asteazkenean, Bilboko Udaleko kontseilari ordezkaria den Andoni Aldekoa kazetari laudioarrak Bilbo hiriburuan kudeaketa politikorako garatu duten egitura erakutsi zuen eta azpimarratu zuen zeinen garrantzitsua den parte-hartzea, baina ez erabateko balio gisa, baizik eta entzumen aktiboaren eta udal kudeaketaren sistemaren parte gisa, beste zutabe batzuk ere barne izanik. Eredu bilbotarra ez da auzo-batzarretatik sortzen, eta kontseiluen aldeko apustua egiten du (bai lurraldeka, bai sektoreka), beraz, beroriei botere handia eta eskumenak ematen dizkie, baina ordezkaritza politikoa handia da, hauteskundeetako emaitzen arabera.

Gakoa, Aldekoaren ustez, ez dago ordezkaritzan, auzo-organoen legezkotasunean baizik; hori dela eta, gomendatu egiten du hiritarren arteko legezkotasun handi hori bilatzea (erreferentzialitatea, aniztasuna, integrazioa), kontuan hartuak izatea lor dezaten. Aldekoak defendatu zuen erregelamendua komenigarria zela, auzo-itxaropenak eta -aukerak artikulatzeko eta modulatzeko oinarrizko arau gisa.

Beste aldetik, Fernando Pindadok defendatu du parte-hartzea demokraziaren 3 hanketako bat balitz bezala, eta planteatu zuen, horretan aurrera egiteko, alde batera utzi behar zirela ideologiak eta alderdizalekeriak (Katalunian egindako ikerketa batean zenbait politikari auzokideen parte-hartzearekin ados zeuden eta beste batzuk kontra, ideologia edozein izanda ere, eskerra eta eskuina banatu gabe). Kaudimenduzko erregelamendu bat egitearen aldekoa da, demokraziaren kalitatea hobetze aldera eta hiritarrei arau egonkor bat eskaintzearren, eguneroko gorabehera politikoen gainetik sendo irauteko gai. Azkenik, gida praktiko bat egitea aholkatu zuen, erregelamendu horren aukerak laburbiltzeko, eta hiritarrei erakusteko erraz eta zuzen nola gauzatu dezaketen parte hartzeko eta informatuta egoteko duten eskubidea.
Horrela izanik, arauzko egiturak parte-hartzea sustatzeko mekanismo egonkorra izan behar du, baina horrek ez du benetan parte-hartzea izango dela bermatuko; izan ere, txostengile biak bat zetozen esaten zutenean tokiko agintariek borondaterik eta uste politiko osorik ez badute, hau da, ez badute sinesten parte-hartzea ezinbestekoa dela, zaila izango dela (erregelamendua izan zein izan ez) norabide horretan urrats tinkoak ematea.

IKUSI HEMEN LEHEN EGUNEKO TALLERRAREN BIDEO OSOA